Bagera elkarteak antolatu zuen Donostiako Euskaltzaleen Topaketan (DET) izan nintzen orain bi aste. Bertan jaso ziren kezka eta hauei aurre egiteko ideiak partekatzeko parada izan dut lerrootan. Ekitaldiaren hasieratik deigarri gertatu zitzaidan datu baten gainean eraikitzera noa erreskadan datozen proposamen kolektibo eta iritzi pertsonal sorta.
Datuak hala dio: donostiarron %45ek euskaraz aritzeko gaitasuna badugu ere, soilik %16 bizi gara egunero euskaraz. Hori gutxi ez eta, honakoa gaineratzen zaio: gaitasuna duten horien artean ehuneko handi bat haur eta gazte donostiarrak dira. To!
Donostian, eta orokortu nahi bada, Euskal Herrian arazo larri bat bizi dugu haur eta gazteen artean: euskararekiko atxikimendu eta hizkuntza minorizatua denaren kontzientzia eza.
Oro har, esparru akademikoan –eskola, ikastetxea, eskolaz gaindiko ekintzak…– kokatzen dugu haurren euskararen erabilera eta “yo no hablo euskera, pero mis hijos van a la ikastola” moduko esaldiak entzutera ohitu gara. Hizkuntzaren erabilera higadura ikastetxeek, irakasle eta hezitzaileek bakarrik geldituko dutela uste badugu jai dugu.
Diskurtso freskoak behar ditugu, belaunaldi berri eta ez hain berriek euskara hizkuntza minorizatua dela barnera dezaten, mezu “politikoki zuzenak” deseraikiz eta berriak marraztuz. Honekin batera, sektoreen barneko eta arteko aliantzak kateatu behar ditugu, instituzioen hizkuntza-erabileren gaindiko zaintza bermatu eta euskaraz erreferentzia kulturalak lehenesteko.
Bukatzeko, azkena idatzi arren, zuri, idatzi osoa irakurri duzun horri, egin nahi nizuke lehena behar lukeen proposamena: aliatu familian, lagun taldean, lanean edo herriko plazan zurekin batera ariko diren euskaltzainekin. Epe motzeko erronka ez da ez dakitenek ikastea, dakigunon artean egiten ez duenari belarrira euskaraz egiteko xuxurlatu eta ohiturak aldaraztea baizik. Egin proba, xuxurlatu belarrira eta bultza ditzagun %45 horiek egunero euskaraz egitera.
Utzi erantzun bat