Egunero milaka eta milaka datu sortzen dugu herritarrok hirian. Datu bilakatzen dugu ekintza oro: birziklatzea, autobuseko txartela pasatzea, liburu bat hartzea, dBizi erabiltzea, antzerki baterako sarrera erostea, eta abar. Datu horiek guztiak administrazioak metatzen ditu baina ez dute argirik ikusten. Ez dira edonoren eskura jartzen eta honek informazio baliagarri eta publikoa erabiltzea eragozten digu.
Donostiaren neurriko hiri batek-180.000 biztanle ingurukoa- dozena erdi bat liburu betetzeko adina informazio pilatzen du astero. Datu hauek sakonki aztertuko bagenitu, herritarron portaerak, interesak, beharrak eta nahiak ulertzeko aukera izango genuke, eta zerbitzuak herritarren beharretara errazago moldatuko genituzke, herri-antolaketa eraginkorragoak eraikiz eta politika publikoak finduz. Hala ere, zoritxarrez, guk geuk ekoizten ditugun datu eta informazio horiek ez daude herritarron eskura, eta egongo balira, hiru edo sei hilez behingoak izango lirateke.
Datuen gardentasunean eta erabileran norabide aldaketaren abiapuntu modura, Donostian sektore ezberdinetan arituak diren herritarrez osaturiko erakunde independiente baten eraketa proposatzen dut. Pilatzen diren datuon gobernantza garbi eta kolektiboa bermatu, herritarron eskubideak babestu eta herritarren burujabetza teknologikoranzko bidea trazatuko lukeena. Hau osatu ostean, Datuen Udal Bulegoa eratu beharko litzateke. Herritarrei alfabetizazio eta heziketa digitala eskaintzeaz gain, datuen interpretazioak ekar ditzaken onura publikoak partekatzeko erreferentziazko informazio gune baten beharra ikusten dut.
Ez naiz hipotesiez ari, Amsterdam edota Bartzelonako hiriak digitalizazio prozesuan sartuak dira jada, eta bada nora begiratu eta non ikasi gurean aplikatzeko asmoa badugu. Donostiak badu ahalmen eta baliabiderik, badu puntako teknologiak garatu eta publikoak behar luketen datuak metatzeko gaitasunik, baina hau lortzeko, egiteko bat dugu lehenago: datuen interpretazioak eta erabilera zintzoak duen potentzialitatea ulertu eta borondate politikoa garatzea, alegia. Hau lortzerakoan, herri burujabeagoa, konszienteagoa eta aktiboagoa bilakatuko gara. Informazioa denon eskura izango dugu eta erabakiak kolektibizatu ahal izango ditugu.
Utzi erantzun bat