Zure zerbitzu eta produktuen katalogo bat egin eta mezularitza zerbitzu bidez saltzeko aukera izango duzu hemendik gutxira.
Orain gutxi, auto-konzesionario batean izan nintzen bigarren eskuko auto baten xerkan. Bertako saltzailearekin esposizioan zeuden autoak ikusi ostean, nire mugikorra eman nion, interesa piztu zidaten autoen argazki eta afitxa teknikoak bidali ziezazkidan. Hurrengo egunean, uste baino azkarrago bidali zizkidan webguneko esteka bi, kotxeen informazio osoa zutelarik. Ez da lehena eta ez da azkena izango ere. Arrazoi bat edo bestearengatik dozena bat aldiz elkartrukatu dugu salerosketa helburu zuten mezu, zerbitzu eta produktuen informazioa, ezta? Orain, gauzak zertxobait aldatzera doaz!
Portaera hau milioika eta milioika erabiltzailek izan dute azken urteetan eta azkenean Whatsapp-ek hau ulertu eta bere zerbitzuetan integratu du: “Produktuen katalogoa” izendatu du zerbitzua. Aukera berri honek, katalogo bat osatzeko aukera emango die enpresei – argazki, azalpen eta prezioekin – mezularitza aplikazioaren barruan. Honek erosleari “erosi nahi duen produktua errazago bilatzen lagunduko dio” eta eroste-bihurketa aixe hobetuko ditu saltzaileak.
Aldaketa txiki batek mundu mailako eragina du
Produktuen katalogoak, aldaketa txikia badirudi ere, mendebaldeko herrialdeen merkatuak eta gizartearen eroste-ohiturak eraldatu ditzake. Ez naiz inongo predikzio edota etorkizun hipotetikoak eraikitzen ari, ezta gertatu ez den beste ezer asmatzen ari ere. Txinan azken urteetan WeChat mezularitza zerbitzuarekin gertatu dena errepikatzera goazela dirudi eta geurean hori bera aurreikusteko asmoa besterik ez dut. WeChatek, zerbitzu digital hauei esker milioika txinatarren osasun datuak, kreditu txartelaren zenbakiak, ordainketak eta baita zure harreman sozialen egunerokoa irakurri, ulertu eta erabiltzen ditu. Azken batean, herritarrekiko erabateko kontrola du enpresak eta kuriositateak/erosotasunak bultzatuta emanak diren datu guztiak gure aurka datoz bueltan, ezustean.
Enpresa txinatarrak, debaldeko mezularitza zerbitzu sinplea izatetik, herrialdearen ekonomia, harreman sozialen, eguneroko egitekoen eta imagina ezin daitezken beste dozenaka egitekoren erraminta nagusi bilakatu da oso denbora gutxian. Aplikazioaren funtzioetan honako aukerak aurkitu ditzakezu: etxeko domotizazio zerbitzua, webgune pertsonalizatuen diseinu-zerbitzua, dibortzio eskaera, taxiari deitzea, multa ordainketa, online jokuak, medikuarenera joateko zita eskaera, janaria etxera ekartzeko aukera, etxeko gastuen faktura kudeaketa…eta beste asko. Alegia, mendebaldean egiteko ezberdin bakoitzerako aplikazio bat dugun bitartean, ekialdean bakarra nahikoa zaie egunerokorako. Erabateko erosotasuna.
Ekialdeko merkatuan gertatuak ikusita, badirudi piskanaka mendebaldean hastera doala zerbitzu ezberdinen fagozitosiarekin. Estrategia horren adierazleetako bat da egun mezularitza zerbitzuaren interfaz-aren diseinua. Badirudi Facebook Messengerek – enpresa berarenak dira – mezularitza zerbitzuaren lekukoa hartu nahi duela etorkizunean eta Whatsapp bestelako zerbitzu eta produktuen marketplace bilakatuko dela orain ez asko hasi zuen Whatsapp Business ataletik tiraka.
Edozein kasutan ez dute erraza izango, AirBnB eta UBER bezalako korporazioak ditu parean eta hauek politika publikoetan eragiteko duten gaitasun eta boterea kontuan izanik, zaila egiten zait zerbitzu hauen merkatuan lekua egitea. Gainera, egun Facebook taldeak – WhatsApp, Instagram eta Facebooken jabea – jendea eta gobernuekiko sinesgarritasun eskasa kontutan hartuko badugu, zail egingo zaie lege- eta burokrazia-harresiei aurre egin eta gainditzea; baina hori beste kapitulu batean izango da.
Ziurra dena da oso denbora gutxian enpresa eta komertzioen produktuak gure txateko elkarrizketekin tartekatuko dituztela, harreman sozial eta komertzialak sinbiotizatzeraino. Egun sare sozialetan aurkitzen dugun publizitatearen antzeko forma izango du baina muturreko pertsonalizaziorako aukerak ekarriko ditu kanal honek, tratu eta elkarrizketa pertsonalizatuak egingo. Ea oker nabilen, berri ona litzateke.
Utzi erantzun bat