Ingurugiroan dugun egungo munduko arazo larrienetako bat deforestazioa da. Zuhaitzen gabeziak lurra higatu eta klima-aldaketa bizkortzen du, baita basoaz eta laborantzaz bizi diren herriak pobretu ere.
Arazo hauek sahieste aldera, 2009an Christian Kroll izeneko gazte ekintzaile alemaniarrak Ecosia sortu zuen, sareko ‘bilatzaile ekologikoa’; izan ere, Ecosiak, irabazien %80a deforestazio proiektuak bultzatzera bideratzen ditu, 7 segunduro zuhaitz bat landatuz.
Bilatzaile erabilterraza eta sinplea da, izena bilatzailean bertan idatzi eta emaitza zerrenda bat eskainiko du, Google-ek bezalaxe; aitzitik, azken honekiko ezberdintasun nabarmen bat du, erabiltzaile bakoitzak markagailu bat du eta berauk egindako bilaketei esker landatu diren zuhaitz kopurua zehazten du bertan. Zuhaitz hauek baina, ez dituzte zuzenean landatzen, tokian tokiko ingurugiroaren zainketan lan egiten duten proiektuak finantzatu baino.
Orain artean, 11 milioi zuhaitzetik gora landatu dituzte Burkina Faso, Perú, Madagascar eta Indonesia bezalako herrialdeetan eta 4 milioi euro inguruko inbertsioa egin da orotara. Esandako lekuak ez dira edonola aukeratuak izan, hots, mundu mailan ezagunak diren bioaniztasunaren puntu beroak-en baitan azaltzen dira eta denek dute komunean baso eta landareriaren eskasi nabarmena.
Etenik gabe eta esponentzialki hazi da bilatzailearen erabiltzaile kopurua, sortu zenetik 5 milioik instalatu dute euren kudeatzailean eta 6 izateko bidean da iada sareko mugimendu ekologista. Bilatzailearen erabilera eta funtzionamendu errazak izan dira Google-en mehatxua izatera iritsi den sistema honen gako nagusia, egun beharrezkoa den balio gehigarri garbi batek zuzentzen duelarik.
Instalatu edo informazio gehiago nahi izanez gero, sartu ecosia.org eta eman begiradatxo bat, zinez gardena eta ulerterraza da. Batu zaitez mugimendura, beste bilatzaileetan egiten duzuna egin besterik ez duzu! Ea gero eta gehiago garen!
Utzi erantzun bat