Urrunean ikusi nuen, behatu eta prest jarri nuen ohola, olatuaren norabide berean. Burua jaso, olatuaren abiadura eta nirekiko zuen distantzia neurtu eta itsasertzera luzatu nuen begirada. ‘Berehala hemen da’ pentsatu nuen onerako, besondoak urpetik atera eta arraunean egiteari ekin nion, abiadura bizkortu eta olatua hartu asmoz.
Bat-batean, surf-oholaren txopa aireratzen eta branka muturra uretan murgiltzen ari zela nabaritu nuen. Besoei ezker-eskuin eragin, oholean belaunikatu eta orekari eutsiz zutik jarri nintzen.
Hartu dut olatua, olatuetan kozkorrena. Arin narama eta indarra du, aurrera doa bizkor eta ez nago alferrik uzteko asmotan. Ohola aurrera okertu dut, bertikalago jarri eta olatuarekin batera abiadura gehiago hartzeko. Banoa, olatuaren aparraren zipristinak haize ufadarekin bat egiten dute eta aurpegia freskatzen dit. Banoa, hasi dut bidaia, ikusten dut helburua eta hartu dut txanpa, enau erortzeak izutzen, enoa atzera egitera.
