Denbora da idazteko beharrik sentitu ez dudana. Iraila gainean da eta oraidik ez dut oporraldiaren ajea gainditu, lagunak hondartzan daudela, eguzki izpien beroak eta ur zipriztinen laztanak ez baitute ikastera itzulia xamurtzerik. Batzuk ikastea aspergarria dela diote, nik ez dakit zein hizkuntzatan ari diren baina. Lau hilabeteren buruan Pune-ra (India) bidean izango naiz bertan sendo errotutako kultura eta gizarte xumea bi hilabetez gertutik ezagutu eta bizitzeko asmoz.
Turismoa egiteaz gain, bertako jendea lagunduko duen ideiak behar ditugu, horiei forma eman eta herraminta erabilgarri bilakatu daitezen. Halabaina, horretarako ‘Reverse Innovation’ delako berrikuntza prozesu bat jarri behar dugu abian, ideazio prozesuaren fokua herrialdeko beharretan zentratu dadin.
‘Alderantzizko berritzailetasuna’ edo ‘Reverse Innovation’ garapen bidean dauden herrialdeen beharretatik sortutako ideia edo berrikuntzari deritzo.
Horrats nire kezka eta buruhausteen iturria! Zer egin genezake?
Bi hilabeteren buruan (proiektua gauzatuta dugularik, espero dut) India utzi eta munstro handiaren ahoan sartuko gara Shangai-n (Txina), beste bi hilabetez. Euskara-Txinera itzultzailea eskuan hartu eta bertako pertsonak, kultura eta enpresa-mundua ezagutzera goaz. Hemen ere, Indiaren antzera, pertsona eta enpresa ezberdinekin elkarlanean arituko gara, baina oraingoan, Euskal Herritik eramandako produktu edo zerbitzuak Txinan duten harrera ezagutzeko proposamena luzatzen diegu etxeko ekoizle zein enpresei.
Proiektu hauetan eta dagoeneko lanean gabiltzan beste batzuekin ateratako dirua bidaia ordaintzeko erabiliko dugu. Nork esango lidake hogei urterekin horrelako esperientzia bizitzera nindoala? Nire helburua, aukeraz gozatu eta besteei aukera berriak ematea da, xakean jokatzen jarrai dezagun.
(India-Txinarako ideiarik edo lagundu gaitzakeenik baduzu, jarri kontaktuan)
Utzi erantzun bat